Historia
Ingurumen eta naturaren balioak babestuta daude, giza erabilerekin batera.
Naturaz gozatu
Giza jarduera
Leurtzako bi urtegiak XX. Mendearen hasieran eraiki ziren eta bere ustiapena elektrizitatea sortzeko erabiltzen da, ura presio hodi batetik 250 metro jaisten da, ibaiaz behera dagoen zentrala elikatzeko. Urtegiak eraikitzeko Urroztik iristeko pista bat eraiki zen. Gaur egun, bide hori asfaltatutako landa-bidea da. Ematen du, Anizpe errekako urak kanalizatu nahi izan zituztela Leurtzako urtegiraino, proiektua, ordea, ez zen egin.
Gizakiak Leurtzako basoetan egindako jarduera asko aldatu zen urtegiak eraiki eta gero. Pista eraiki eta gero urtegietan sartzeko modua asko erraztu zen, eta basogintza garatu zen. Honela, basoetan egiten ziren jarduerak alde batera utzi eta pago gazteak paratu ziren. Leurtzako hegaletan, oraindik ikatza egiteko plazak ikusten ahal dira (zapalda txiki borobilak). Gaur egun, Leurtza ordenatutako basoa da eta Urrotz eta Beintza-Labaiengo herri-lurren ondarea da, hainbat urtetan zehar udalerri hauentzat diru-sarrera iturria izan da.
Leurtzan ematen den beste jarduera bat abeltzaintza da: larre itxi eta zainduek, ardientzako eta behientzako bordek, urtegien ondoko eta Munazorrotzeko hegaletako larreek eta urtero mozten diren iratzeek beste erabilpen batzuekin armonian dagoen tradiziozko jarduera dela adierazten dute.
Leurtzan ere ehiza praktikatzen da, batez ere udazkenean eta pagausoarena. Pagausoak Europatik Iberiar Penintsulara migratzen dutenean ehizatzen dira. Uztakorta, Zumardena eta Mugakosoroko mendietan eta Askalda eta Pariarteko mendi-hegalak puntu estrategikoak dira, bertan paratzen baitira ehizatzeko postuak, arboletan goratuak. Jarduera udal ehiza esparruetan antolatzen da eta herritarrek edo postuen enkantea irabazi dutenek erabiltzen ahal dute, postuak udalentzako diru-sarrera iturria suposatzen dute. Gutxiago bada ere, oilagorrak ere ehizatzen dira eta urtegien inguruan basurde uxaldiak ere egiten dira.
Gaur egun, Leurtzan ingurugiroaren eta naturaren balioak babestuak daude, gizakiaren erabilerarekin elkarbizitzen, esaterako ustiapen hidroelektrikoa, abeltzaintza, ehiza, arrantza, zizak biltzea eta aisiako jarduerak (mendiko kirol jarduerak edo behatze lasaia eta naturaz disfrutatzea).
Historiaurretik
Historia pixka bat
Leurtzan gizakia aurre-historiatik egon da, duela 5.000 urte inguru, Pittorzar eta Mugakosoroko trikuharriek, Axerizulotako tumuluak eta Pallueko trikuharriak ematen digute horren testigantza. Artzaintzatik bizi ziren tribuak ziren, ziurrenik nomadak, brontzea ezagutzen zutenak, baina gure artera hilobi-monumentuak besterik ez dira heldu. Pentsatzekoa da orduan basoa ez zela horren zabala izanen eta larreek egungoa baino eremu zabalagoa hartuko zutela.
Erdi Arora arte espazio hau erromatarrek deitu zuten “baskoien basoa” izanen zen, espazio basatia eta bizitzeko desegokia, artzaintzan aritu eta ikatza aterako zutenak. Baso hauetatik, kontinenteko Nafarroa eta itsasoko Nafarroa eta Bidasoako eskualdea lotuko zituen bide sarea egiten joanen da. Bide horietako batzuk harriz babestuko dira, esaterako Urrotz eta Eltzaburu lotzen dituen galtzada. Honez gain, udalerrien espazioak zehazten joanen dira, Zumardenako 1781eko mugarria da honen lekukoa.
XIX. mendean zehar Leurtzako ingurunean, Karlistaden garaian zenbait gertaera eman ziren, horien artean azpimarragarriena Larremearreko gudua izan zen, 1835eko martxoaren 12an gertatu zen Espoz y Mina jeneralak zuzendutako tropa liberalen eta Zumalakarregi jeneralak zuzendutako tropa karlisten artean. 1872ko maiatzean, 3. Karlistadan, Ultzamako Orokieta herrian egon zen guduaren ondorioz, Gurutze Gorria Nafarroan lehen aldiz jardun zen.
Belateko errepidea ireki zenean, konpetentzia sortu zen gainerako ohiko mendi-bideen artean merkantziaren garraiorako. Honela, zenbait bideren galtzadak eta zoruak hobetu ziren, adibidez, Zumardenako harrizko bidea.