Ekologia
Landaredia eta fauna
Ezaugarri ekologikoak
Leurtzako errekak, Ameztia eta Bidasoa ibaietan uzten ditu bere urak, Kantauri eta Mediterraneo itsasoen uren zatilerroaren iparraldean. Erdi itxia den arro bat da, pagadiz josia eta bertan tuparri eta kretazeozko buztin lurrak dira nagusi. Hauez gain, Soratxipiko hegaletan eta Erlaingo Harrian bestelako material geologikoak aurki daitezke.
Urtegien ingurunearen ezaugarri esanguratsuenak urtegiaren ur-gaina, basoa eta belardia dira, azken hau urtegien ertzeraino iristen da. Espazio berde eta hezea da, hezetasuna behar duten animalia eta landareen habitata da. 1996an ekosistema hau babesteko eta bultzatzeko, Leurtzako Urtegiak Aisiarako Natur Eremu izendatu ziren (308/1996 Foru Dekretua), ondotik, Natura 2000 Sarean sartu zen Belateko ZEC-aren bitartez (105/2014 Foru Dekretua).
Paisaian pagadiak dira nagusi, pagadi azidofiloak dira gehienak
Leurtzan agertzen den fauna hezetasun handiko basoetakoa da
Landareria
Paisaian pagadiak (fagus silvatica) dira nagusi, pagadi azidofiloak dira gehienak, mendi-hegal aldapatsuetan sortuak. Kare-harrizko azaleramenduetan pagadi basofiloak ere agertzen dira. Leurtzan, gehien bat, pago gazteak daude mendi-hegaletan. Azpiko urtegiaren inguruan, aldiz, zenbait pago zahar eta eder ikus daitezke.
Azpiko urtegiaren ezkerraldean haritzak (Quercus robur) aurkitzen ahal ditugu, haritzez gain, pagoak, gorostiak (Ilex aquifolium L.) eta iparraldeko elorri zuriak (Crataegus monogyma), ere ikus daitezke, azken hauek oso deigarriak dira udaberrian loratzen direnean.
Urtegiaren inguruan dauden belardietan komunitate hidrofitiko bereziak sortzen dira eta ugariak dira kamamila fina (Anthemis nobilis), menda eta udazkenean azafrai faltsua.
Isurialdeen banalerroko basoetatik goragoko soilgunetan txilarrek eta otadiek mosaiko moduko bat osatzen dute, batez ere, Soratxipiko gainean.
Ezpondetan, soilgunetan, basoaren ertzetan eta landaredirik ez dagoen zonalde aldapatsuetan sasiak paratu dira, esaterako otea (Ulex cantabricus) eta zenbait txilar.
Fauna
Leurtzan agertzen den fauna hezetasun handiko baso atlantikoetako ekosistemetan ohikoa dena da. Bao-igel gorria da tokiko sinboloa, hemen aurkitzen du behar duen ura neguko errunaldirako, honez gain, baso hezeak ere behar izaten ditu elikatzeko eta babesteko.
Leurtzan dagoen hezetasunak zenbait apo espezie eta hain ikusgarria den arrabioa (Salamandra salamandra) erakartzen ditu.
Urtegia baso barruan kokatua dagoenez, inguru handiago batean bizi diren animalia asko hurbiltzen dira paraje honetara, batez ere, basurdeak, azeriak, lepazuriak eta azkonarrak. Hauez gain, gero eta ohikoagoa da zenbait saguzar espezie ikustea, bere habitata hobetzeko egin den lanarengatik.
Arlo ornitologikoan, zonalde honetan baso hezeetako hegaztiak daude. Hegazti hauek Erdialdeko Europan ohikoak dira, esaterako, harraparien artean, gabiraiak, harris zapalatza, okilak; intsektiboroen artean, txinboak eta txioak, eta oso koloretsua eta zaratatsua den europar eskinosoa.
Leurtzako urtegian, noizean behin ur-hegaztiren bat ere geratzen da, adibidez, kurriloak eta zenbait ahate espezie, hauek pagausoarekin batera zonaldetik pasatzen dira migrazio garaian. Ikusten zailagoak dira arrano beltza, arrano txikia, arrano sugezalea eta aztore arrunta. Sai arrea Munazorrotz mendiko ingurunean azienda dagoenean agertu ohi da.